jueves, 28 de febrero de 2019

Begirada anitzak tailerraren laguntzaz orain arte landutakoaren errepasoa eginez…


Hitz egin dezagun aniztasun kontzeptuak gure gizartean hartzen ari den balio eta indarraz. Errealitatea bera anitza denez, eguneroko bizitzaren parte dela eta bizitzaren esperientziaren muinean dagoela ohartu behar dugu. Hortaz, aniztasunak dena zeharkatzen du: gizartea (adina, sexua, klasea…), gorputzak (gizenak, argalak, altuak, baxuak…), natura, azalak, genero identitateak, orientazio sexualak, auzoak, herriak, hizkuntzak eta abar. Kultura faktore ezberdinak gehitzearen ondorioa den moduan (ez estatikoa ezta aldaezina ere), aniztasuna ere eraldatzen dago uneoro, testuinguru eta garai ezberdinetara moldatzen doa eta konstrukzio sozial bat denez, eraikitzen den bezalaxe, deseraiki ere egin daiteke.

Beraz, aniztasuna ona, beharrezkoa eta aberasgarria da. Teoriatik haratago, modu praktikoan ezberdinen arteko hartu-emanak, aniztasun hori guztia bizitzeko eta elkarbizitza hobetzeko tresna bihurtzen dira, aurrera egiten eta egokitzen lagunduz. Modu honetan, eskola gizarte kohesiorako lehenengo elkargunea eta oinarria denez, ikasgelak anitzak izateak haurrak etorkizunerako prestatuko ditu.

Aipatzekoa da globalizazioak eta mundializazioak desberdintasunarekin eta hetereogeneotasunarekin parez-pare jarri gaituela. Hain agerian dagoen aniztasun horrek mesfidantza, segurtasun falta eta ezinegona eragin du guregan eta honen inguruko interes hegemonikoek sentimendu hori areagotzea eragin dute, aniztasuna arazo bilakatuz eta bestearekiko aurreritzi eta estereotipoak sortzea eraginez. Beldur eta ezinegon horrek, gutako bakoitzak bere ibilbidean zehar sozializazioaren bidez jaso dituen parametroen arabera beste horiek alderatzera (jarrerak, egiteko moduak, pentsamenduak…) eraman gaitu eta alderatzetik, gutxiestera, ezberdina dena gaizto, txarra eta arazo bihurtuz. Gainera, jakina da, ditugun aurreritzi eta estereotipoak, homogeneotasunaren parte izateko hezten gaituztela eta pertenentzia sentimenduak, prozesu horretan (desberdina dena arazo bihurtze prozesuan) eragina dutela eta “norma”-ren parte izatera bultzatzen gaituela.

Argi dago, gaur egun denei berdinak izateko hezten gaituztela, eta hezkuntza hegemoniko hau aniztasunaren zapaltzaile historikoa izan dela. Gure identitate propioa eraikitzerako garaian, identitate zurrun bat eraikitzera eramaten gaitu sozializazioak, gizarte estruktura zehatz bat mantentzeko, eta horrela gizartearen kontrol handiagoa edukitzeko. Aldiz, hau ez da guztiz egia. Izan ere, kultura edo identitate berdin bat dugun orok ere ezberdin sentitzen dugu, ezberdin ulertzen dugu, ezberdin pairatzen dugu… Azkenean, gure artean ezberdintasunak ditugu.

Homogeneo izateko ideia horren ondorioz, “bestea” edo “arrotza” den hori gure kulturan integratzera bultzatzen dugu. Hala ere, ez dugu kontuan izaten, integrazioa berdintasun eta lehiakortasun printzipiotan oinarritzen dela. Ez gara ohartzen integrazioak “ezberdin” hori onartu egiten duela, baina ez aitortu. Ez du ahalbidetzen pertsona hau taldearen parte izatea eta taldean identifikatzeko aitorpena. Pertsona honen erdigunean egokitzapen zailtasunak eta limiteak aurkituko dira, ez baitira kontuan hartzen bere singulartasuna eta subjektibotasuna. Azken finean, “beste” horri, “ezberdina” den horri, gure artean ere partekatzen ez dugun identitate homogeneo hori betetzea eskatzen eta exijitzen diogu.

Pertsona guztion ezberdintasunak kontutan hartuz eta aitortuz denen arteko bizikidetza aurrera eramatea lortzeko, aniztasunak sistema eta estrukturaren aldaketak martxan jarri beharko ditu, ezberdina denari erantzun egokia emateko. Berezitasun subjektiboaren eskubidea eta komunitate baten parte izatearen eta horrekin identifikatzearen eskubidea betez, denon parte hartzea ahalbidetuko da.

Azkenik, nola ez, ezin aipatu gabe utzi integrazioa inklusio bihurtzeko ideia. Izan ere, integrazioak subjektuari berdintasunean bizitzeko beharrezkoak dituen eskubideak bermatzen dizkio. Baina parte hartzeko, baloratua izateko eta taldearekin identifikatzeko baliabideak eman behar zaizkio, aniztasunari modu inklusiboan erantzuteko. Beraz, inklusioa etengabeko eraldaketa prozesu bat da eta modu inklusiboan jokatzeko, garaiari eta testuinguruari egokitutako erantzun eta bide berriak eraiki eta sortu behar dira. Modu honetan, ezberdina dena onartuz eta baloratuz, giza-aniztasunari erantzuna emango dion gizarte baten eraikuntza ahalbidetuko dugu.

Etorkizuneko irakasle eta hezitzaile gisa denontzako eskola bat lortzeko, pertsona guztiak maila berdinean baloratuak direla sentitzeko lan egin behar dugu. Pertsona batek besteak bezain beste balio duela sentitu behar du, eta horretarako ekitatea oinarri hartuta jokatu behar da. Honek gatazkak egotea suposatuko du, baina hauek garapen pertsonal eta soziala garatzeko aukera bezala ikusi behar ditugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario