jueves, 11 de abril de 2019

Ezin dugu gizarte utopikoaren zama haurregan utzi

 
Azkeneko bost urteetan transexualitatearen inguruan ume batzuk ezagutza berri bat ekarri dute gurera. Hau ulertzeko garrantzitsua da begiak eta belarriak irekitzea, gutxi hitz egin eta asko behatu eta entzutea. The Light - Holly Siz bideotik begiradaren garrantzia azpimarratu beharra dago; gurasoen begirada, ikaskideena, kaleko pertsonena etab. Haur hauek etengabe pairatzen duten errealitatea da eta kontuan izan behar dugu begiradek epaitu egiten dutela haurra. Haur transexualen kasuan, egiten duten hori ezin dutela egin jasotzen dutela uneoro. Gure eskoletan haur guztiei ateak ireki behar dizkiegu, bakoitza den bezalakoa izateko aukerak eskainiz.

Haurrak txikiak direnean “Mozorroen txokoan” jolas sinbolikoa gauzatu dezakete eta bertan nahi duten hori izateko aukera dute, baina hazten doazen heinean askatasun hori galduz joaten dira. Horregatik, etorkizuneko irakasleek ardura handia dute; egoerak landu eta aukerak eskaini bakoitza den hori izateko eta nahi duen horretan hezi eta hazteko. Gaur egun bolo-bolo dabilen gaia izanik, dilema handia suposatzen du ondorengoak: Zer da mutila izatea? zer da neska izatea? zer esan nahi du horrek? zergatik naiz mutila edo neska?

Gauza bat ikusten duguna da eta bestea pertsona hori zer den. Gizarte honetan beti sailkapen bat egiten dugu sexuaren arabera: neska edo mutila. Gainera sailkapen hori ekografian bertan egiten da; zakila dauka edo ez dauka. Horren arabera, jaiotzen garenetik hazten eta hezten gara modu jakin batean eta pertsona horrek normalean mugak edo oztopoak izaten ditu bere izaera propioa garatu ahal izateko. Gehienetan sexu batekin erlazionatutako ezaugarriak ditugu; hala nola, bizarra, titiak etab. Hala ere, ezaugarri hauek emakume eta gizonezkoek partekatu egiten ditugu neurri handi batean eta gizarteak inposatu du soilik ezaugarri maskulinoak gizonekoenak izatera eta femeninoak aldiz, emakumezkoenak. Hau ez da horrela errealitatean, intersexualak baikara. Guzti honek aniztasuna sortzen du eta sexuazioak ezaugarri maskulino eta femeninoen nahasketa bat egiten du, horrela pertsona anitzak sortuz.

Haur hauek bizi duten sufrimendua beraien identitatea ukatzen den momentutik ikaragarria da eta daukaten indar, kemen eta esfortzu guztia jartzen dute beraien identitatea onartua izateko. Haurren identitatea ukatzen den heinean, beraien identitatea oihukatzen saiatuko dira arroparen bidez, adibidez. Identitatea aitortua den heinean, oihu egiteari utziko dio. Ibilbide horretan hainbat aspektu erreprimitzen dira. Etxe askotan, “zuk ezin duzu neska izan zakila duzulako” esaten zaie. Honek beraien gorputza gorrotatzera eramaten ditu. Ez bazaie beraien gorputza ukatzen ez dute zertan arazorik izan beraien gorputzarekin. Nik ezin badut izan naizena daukadana dudalako, ez dut eduki nahi daukadana naizena izateko. Horrez gain, batzuetan ez da nahikoa haurrari nahi duena izaten uztea, beharrezkoa da guk haurra den hori ikustea. Alai mutil bat bezala ikustean, ez zuten bera ikusten. Transitoa egin behar izan zuten haien begiradan. Gainera, ingurukoei gertatzen dena azaltzea beharrezkoa da, haurra den bezalakoa ikusteko eta den bezala tratatzeko.

Etorkizunean haurrak zaindu, hazten lagundu eta heziko ditugu. Beraz, ardura handia dugu honetan. Alde batetik, ikasgelak leku segurua izan behar du haurrentzat eta bestetik, irakasle gisa, ez ditugu epaitu behar haurrak, gaiaren inguruan informatu behar dugu eta gurasoak beraien seme-alaben bidelagun izateko ahalegin guztia egin behar dugu. Haur horiek gurekin daudenean izan dezatela arnasgune bat eta sentitu daitezela maitatuak eta babestuak. Laburbilduz, etorkizuneko irakasleon lana da, aniztasuna balorean jartzea eta ikasgelan modu egokian lantzea ikasle bakoitzaren errealitateari modu egokian erantzunez gizarte utopikora iritsi bitartean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario