jueves, 25 de abril de 2019

Modulu lanaren azken posta


Bidaiaren amaiera iritsi da... oraingoan aniztasuna eta hezkuntzaren inguruan ibili gara galtzak bete lan! Hala ere, bidaia, espero genuen moduan, oso aberasgarria izan da eta gustura aritu gara lan eta jolasean. Poza, tristura, haserreak… denetik izan ditugu bidean, baina bidai hunkigarria izan da benetan. Lanari amaiera emateko, azken post honetan, bidaiaren laburpen txiki bat egingo dugu.

Aniztasunaren inguruan… aurreiritziak genituenez, lanari hasiera emateko, gure ideiak eta usteak mahai gainean jarri genituen. Pixkanaka, ordea, gure koloretako munduak gris koloreak ere bazituela konturatu ginen eta arte garaikidearen eskutik aniztasunaren kontzeptura hurbiltzen aurrerapausoak emateko, L’intrus erakusketa, bereziki, lagungarria izan zen. Bidaian aurrera, ordea, artea gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzeko ideiak liluratuta utzi gintuen: hitzaldiek maila teorikoan ekarpenak egin zizkiguten; tailerrekin aldiz, maila pertsonalago batean, aniztasunak dakarrenarekin enpatia izateko aukera izan genuen. Tailer hauetan kontakizunen mundura hurbiltzeko aukera izan bagenuen ere, motz geratu ziren eta ipuinei haurtzaroan izan behar duten protagonismoa aitortuz, Haur Hezkuntzarako Hizkuntzaren Didaktikaren Oinarriak Testuinguru Eleanitzetan irakasgaiari esker ipuinekin aniztasunera bidean jarri ginen. Bestalde, maila pertsonalean IKTko saio praktikoak ere lagungarriak izan dira gure irakasle identitatea eraikitzen ari garen honetan, haurtzaroan bizi izan ditugun gertakari kritikoak konpartituz, gure bizitzaren errepasoa eginez… Ikusten duzuen moduan, mota guztietako esperientziaz baliatu gara: Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutzan landutako bideoak eta imajinak aztertu genituen eta Eskola Inklusiboan irakurketa ugari egin ditugu aniztasuna eta hezkuntza ardatz hartuta, diziplinarteko benetako lana proposatu zaigu oraingoan.

Bizipen, irakurketa, hausnarketa, elkarrizketa... ugari ikustatzen gindoazela, begirada anitzak tailerraren laguntzaz orain arte landutakoaren errepasoa eginez, ideiak barneratzea eta sakontzea lortu dugu. Interesgarria da, errepasoa egiteaz gain, jolasak eta jarduerak ere erakutsi zizkigutela tailerrean.

Gure narratiba digitalaren nondik norakoak zehazten Pausokako hitzaldiaren ondoren hasi ginen. Hitzaldi hunkigarria Maiteder eta bere familiarena, aniztasun funtzionala duen Aimarren amaren testigantzarekin, famili hauen bizitzak borroka amaigabeak direla konturatu ginen. Ama eta irakaslea den emakume honen hitzak gure bihotzetara iristeaz gain, haur guztiak beren bizipenekin gizarteratuko direla eta nahitaez eraldaketan eragingo dutela ideia ulertzeko zutarria izan ziren.

Testigantzaz-testigantza, aniztasuna kontzeptua leku ezberdinetatik begiratuz, usainduz, sentituz memoriaren plazara iritsi ginen, bertako ahotsak entzun ondoren, modu batean edo bestean, geure buruan, “bandoei egin gabe men ote genezake omen?” galdera jira-biran geratu zen eta Euskadin azken hamarkadetan gertatu denaren inguruko lekukotasunak biltzen dituen erakusketa honek, protagonistak entzutea gizarte inklusibo baten alde egiteko eta arazoei irtenbideak bilatzeko bidean jartzen gaituela konturatu ginen.

Bidaia amaitzear zegoela, pelikula bat ikustera gonbidatu gintuzten: “Buda explotó por vengüenza”, hain zuzen ere. Filmak, haurren munduak bizi duten errealitatea islatzen duela argi eta garbi azaltzen du eta haurra ikusteko eta ulertzeko modu eta ikuspegi ezberdin bat erakusten digu. Hezkuntzak askatasunean, emakumeen ahalduntzean… hortaz, justizia soziala emateko duen eragina nabarmenduz. Bidaiaren azken geldialdia Naizen elkarteko kideekin izan dugu, parada honek, begiak eta belarriak ondo irekitzera gonbidatu gaitu behaketari bere garrantzia aitortuz. Haurrak gurekin daudenean izan dezatela arnasgune bat eta sentitu daitezela maitatuak eta babestuak aldarrikatuz, etorkizuneko irakasleon lanari buruz hausnartu dugu, aniztasuna balorean jartzeaz eta ikasgelan modu egokian lantzeaz, hain zuzen. Izan ere, ikasle bakoitzaren errealitateari modu egokian erantzun behar diogu, ezin dugu gizarte utopikoaren zama haurrengan utzi.

Lan asko egin dugun arren... hemen ez da bukatzen aniztasunaren inguruan egin dugun bidaia. Oraindik ere asko dugu ikasteko, hausnartzeko, barneratzeko, bizitzeko, sentitzeko… Deseraiki eta berriro eraikitzeko.

Hortaz, gustoko izango duzuelakoan, hona hemen gure lanaren emaitza: narratiba digitala eta egileen testua.

Lanean jarraituko dugu!

No hay comentarios:

Publicar un comentario